MIGEL JOAKIN ELEIZEGI ATEAGA
1818-1861
ALTZOKO
ERRALDOIA: BIOGRAFIA
“Altzo`ko Aundiya” benetakoa izan zen, hezur-haragizko gizona. 1818ko
uztailaren 10ean sortu zen, goizeko lauretan, Altzo Azpiko Ipintza baserrian.
Bederatzi anaia-arrebatatik laugarrena zen. Senideen neurri fisikoak arruntak
ziren. Biriketako tuberkulosia zela-eta hil zen, 1861eko azaroaren 20an,
berrogeita hiru urte zituela, bere sortetxean, arratsaldeko laurak eta
laurdenean. Hilkutxa erraldoi bat ekarri zuten Tolosatik, gorpua Altzo Azpiko
hilerrian hilobiratzeko.

Migel Joakin Eleizegi, bere aita (ezkerrean)
eta anaia Juan Martinekin (eskuinean) irudikatua.
Benetako ikusmira sortzen zuen Tolosatik egurrez betetako idi gurdiarekin
pasatzen zenean, egurraren gainetik
burua igartzen baitzitzaion.
Erraldoitasunaren jatorria akromegalia
gaixotasunari egotzi izan diote.
Bizargabea eta argala zen. Ongi proportzionatua zegoen. Bere handitasunak
lotsatu egiten zuen. Gizon ona, apala eta langilea zela deskribatu dute.
Tutean aritzea zuen gustukoen, eta aldian-aldian loterian
jokatzen zuen, ezkutuka.
Emakume ingeles erraldoi batekin ezkondu nahi izan
zutela esan ohi da, baina Joakinek benetan nahi zuena etxera itzultzea zen.
Erraldoiak kontratua izenpetu zuen ikuskizunetan parte hartzeko xedez sortutako elkartearekin. Bitxikeriak: Zegoen lekuan egonda ere, Elkarteak mezara joateko aukera eman behar zion jai egun guztietan. Erretzeko behar zuen tabako guztia Elkartearen gain zegoen. Elkarteak ezin zuen itsasoratu Migel Joakin. Ikusmira sortzeko zenbait trikimailu erabili zituzten; hala nola, erraldoia turkoz eta espainiar armadako jeneralez mozorrotzea, argazkian bezala.

Gosez hil zela esan
izan da sarritan, baina bi gertaerak kontrakoa frogatzen dute: baserritik irten
gabe bizitzeko nahikoa baliabide izateak eta testamentuan 500
meza aldez aurretik ordainduta utzi
izanak. Horretaz gain, azken bidaietan bere
gurdia erabili zuen; luxua,
garai hartan.
Herriko jendeak esaten zuen etnologo batzuk Joakinen
hezurrak erostera etorri zirela. Familiak ezezkoa eman zuela eta
aurrerago norbaitek haren hezurrak
lapurtu zituela zabaldu zen.
NEURRI
ERRALDOIA
Hogei urte bete ondoren, denbora gutxian asko hazten hasi zen.
Bidaia bakoitzetik itzultzean, joan baino handiago etortzen zen. Orduan,
lagunekin eta elizako erretorea buru izanik, haren altuera eta zabalera
zizelkatzen zituzten, Altzo Azpiko San Salbador elizako atarian.
Altuera: 2,42 m
Zabalera: 2,42 m
(esku baten puntatik bestera)
Erabiltzen
zituen zenbait objekturen neurriak:
Aulkia: lurretik eserlekura, 64 cm. Zabalera, 50 cm, eta, aurretik atzera, 42 cm.
Antxume-larruz
Parisen egindako eskularruak: hatz txikitik hatz lodira, 31 cm.
Zapataren orkoia: 36 cm.
Kapela luzeak: 62 cm-ko zirkunferentzia.
Meza aurretik, Joakin bertako petrilean esertzen zen. 1,11 metroko
altuera zuen eta hankak lurreraino iristen zitzaizkion.
Hogeita hiru urterekin, 184 kilo pisatzen zuen, eta, gehien pisatu zuen
garaian, 203 kilo.
Jan eta edateko, gutxienez hiru
pertsona elikatzeko adina beharko zuela kalkulatu dute.
-Lehenengo
irteera Bilbora egin zuen, alokatutako gurdi batean.
-1843.
urtean, Donostian egon zen; 1845ean, Parisen.
-Honako
errege-erreginok bisitatu zituen:
Madrilen, Isabel II
Frantzian, Luis Felipe
Portugalen, María de la Gloria
Ingalaterran, Victoria.
Gehiago jakiteko: http://www.altzo.net/Herria/Altzotarrak/Altzokoerraldoia