Bazen behin baserritar bat mendi tontor batean bizi zena. Galtza urdin batzuk zeuzkan, laukidun alkandora zahar bat eta txapela beltza. Abarkak zeuzkan eta makila eskuan. Baserri zahar batean bizi zen.
Larunbatero jeisten zen herriko feriara saltzera. Larunbat goizetan astoari gurdia lotu eta gurdian gaztak, letxugak, bainak, porruak... sartu eta feriara joaten zen. Herriko ferian jende askok erosten zion janaria eta berak ere erosten zien besteei. Baina egun batean gurdian janaria sartzen ari zela astoak mina hartu zuen eta baserritarrak ez zekien zer egin. Orduan baserritarra herrira jaitsi zen korrika eta laguntza eskatu zuen, eta herriko albaitaria joan zen baserritarrarengana, eta baserritarrak esan zion:
-Etorri nire atzetik, nire astoak mina hartu du eta!
-Bai, banoa -erantzun zion albaitariak, eta baserritarraren atzetik joan zen korrika.
Iritsi zirenean han zegoen astoa lurrean etzanda, eta albaitaria sendatzen saiatu zen baina alperrik, hil egin zen eta.
Orduan gurdia bere buruari lotu astoari lotzen zion bezela eta erdi negarrez poliki-poliki feriara joan zen. Orduan baserritarrari asto belarriak irten zitzaizkion, geroago muturra, jarraian asto hankak eta orduko gorputz guztia astoarena bezalakoa bihurtu zitzaion!
Ohartu zenean, ez zekien zer egin, eta urduritasun handiarekin baserrira joan zen. Belarra jaten hasi zen, baina bi aste behar izan zituen ikasteko. Egun batean, herrira jaitsiko zela esan zion bere buruari, baina herrira iritsi zenean, lotsa eman zion eta ez zen bere bizitza guztian berriro herrira jeitsi eta asto baten moduan bizi izan zen betirako.