2006/04/27

KUTXA BIDAIARIA. Orixe Ikastola. Donostia


"KUTXA BIDAIARIA" proiektu telematiko kolaboratiboa
ORIXE IKASTOLA. DONOSTIA
Mertxe Jauregi irakasleari egindako elkarrizketa

Zerk animatu zaituzte proiektu honetan parte hartzeko?
Batetik, proiektu telematikoan sartzeko Ikasketa Buruaren bultzada izan genuen; bestetik, interesgarria iruditu zitzaigun Antigua-Luberri institutuan elkartuko ziren ikasleen arteko harremanak bultzatzea; eta azkenik, Berritzeguneak proposatzen dituen proiektuak ikasleentzako erakargarriak izaten direnez, animatu egin ginen.
Beste proiektu kolaboratiboetan parte hartzen duzue? Zenbat talde?
Guk iaz, (aurten proiektu honetan parte hartu dugun bi taldeak)"Gipuzkoan zehar" proiektuan parte hartu genuen eta oroitzapen ona gelditu zitzaien ikasleei, Eskoriatza ezagutu eta lagun berriak egiteko aukera izan zuten.
Aurten "Kutxa bidariaria“ probatu dugu eta Haur Hezkuntzakoek, aurreko urteetan "Pelutxe" proiektuan esku hartu dute.
Nolakoa izan da ikasleen erantzuna?
Ilusioa, poza, foroan pare hartzeko irrika, lagunak ezagutu nahia, besteentzat oparia pentsatzeko eta prestatzeko gogo bizia... horrelakoa izan da gure ikasleen artean sumatu dugun giroa. Esperientzia oso baikorra benetan.
Proiektuarekiko espektatibak bete al dira?
Hasieran espektatiba bakarra genuen: gaurko teknikaz baliatuz, Antigua-Luberrin elkartuko diren ikasleen arteko harremanak sustatzea. Baina hori baino gehiagorako balio izan du: aitzaki horrekin testu mota ezberdinak landu ditugu (bertsoa, deskribapena); jasotako opariak baloratzen ikasi dugu ikasleek eginiko komiki pila jaso baigenituen); foroa zer den ikasi eta errespetozko harremana lortu dugu han agertzen ziren xirikaketetan erori gabe...
Den-dena aberasgarria ikasleen heziketarako.
Anekdotaren bat kontatu
Kutxan zetorren egunerokoan argazkiak, sinadurak eta gelakideen aurkezpena egin behar zela eta deskribapen testua egitea proposatu nien. Ondoren, ikasle guztien ideiekin, testu bakarra osatu genuen.
Gure buruari buruz alderdi onak azpimarratzeko eskatzen diet beti, hori dela eta, atera zitzaien testua baikorregia zela iruditu zitzaien.
"Baina ez al da dena egia?" galdetu nien .
"Bai baina, "pringau" batzuk garela pentsatuko dute "IKASTOLARA POZIK ETORTZEN GARA“ esaten baldin badugu.
Nik orduan "Ez al da ba egia?" berriro esan nien eta beraiek "Bai baino ez ikastera, lagunekin egotera baino" Esaldia aldatu zuten eta poz-pozik gelditu ziren "pringauak" izan gabe.