2006/05/04

Hezkuntza konpetentzietan oinarritutako curriculum-diseinua: Euskal Curriculuma

Jesus Mari Goñi Zabala, Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslea, Didaktika eta Antolakuntza saila, Donostiako Pedagogia Fakultatean.
Bere jatorrizko prestakuntza oso zabala izanik, aipatzekoa da goi-mailako ingenieroa dela eta Filosofian lizentziatua.
LH eta BHko Matematikako proiektu eta testu-liburuen arduradun eta egilea da, argitalpen anitzen autore. Hezkuntzarekin zerikusia duten gai asko jorratu ditu, IKTen erabilpena, irakasleen prestakuntza, baina, Matematikaren curriculumari buruzkoak, oso adierazgarri eta lagungarri dira, arlo horretako irakasleentzat. Matematikaren curriculumaren osagai guztiak, xedeak, helburuak, edukiak, prozedurazkoak batik bat, eta era egokian ebaluazioa osatzeko ideiak, aholkuak eta pista zuzenak eskaini ditu.
LOGSE indarrean jarri zenean, sare desberdinetako ikastetxe askotan, irakasleen prestakuntza programa baten koordinatzailea izan da. Programa horretan, arloko irakasleak gelarako erabiltzen zituen unitate didaktikoen azterketa sakon baten bidez, irakasle horren lanaren xedeak eta bere eguneroko praktika adierazten zen; horrela Euskadin indarrean zeuden diseinu-curriculumekin bat egitea ahalbideratzen zen. Programa horri esker, irakasle askoren hezkuntza jardunbidea aldatu eta hobetu izan da.
Azkeneko urteetan eta seguraski, hala Unibertsitatean eta Europa mailan sortutako proiektuaren bultzadaz, nola Ikasleen Nazioarteko Ebaluazioa Programaren eraginez, alegia PISA izenaz ezaguna den programaren eraginez, Hezkuntza konpetentziak izan ditu ikergai.
Haren esanetan:
"Konpetentziek aprendizaiaren emaitzak deskribatzen dituzte: ikasle batek dakiena edota erakusten dakiena aprendizaia-prozesu baten ondorengo da"
Zalantzarik gabe, "Euskal Curriculum" dokumentuaren ezaugarri ahaltsuena da, hezkuntza konpetentzietan oinarritutako curriculum-diseinua dela, eta gurekin dago diseinu horren arduraduna.